Patrick Michael Fitzgerald-en “Bitxitasuna”* 

Mimi Park



Artearen kontenplazioari buruzko gure historiaren iragana kontuan hartzen badugu, une garrantzitsu gutxi edo dezente aurki ditzakegu gure bizitzetan. Dei diezaiegun "arte-uneak". Une horiek dira, zerbait hain biziki sentitzen duzunean, non zure bizitza apur bat (edo izugarri) aldatzen dela une horretan. Eta badira "arte abstraktuko uneak" ere. Jakina, "arte-uneek" "arte abstraktuko uneak" izan ditzakete, baina "arte abstraktuko uneek" "arte-uneetatik" bereizi behar diren ezaugarri eta ondorio propioak dituzte. Gure lehen arte-uneak esperimentatzeko joera dugu, obra figuratibo bati begiratzen diogunean. Beraz, une horiek izaten ditugu abstrakzio bati begiratzen diogunean. Demagun koadro kubista bat edo Malevich-en karratu bat lehen aldiz ikusten dugula eta nahastuta sentitzen garela. Une ezberdinak dira Juan Fernández-en mahats-koadroei begira beldurra sentitzen dugunekoak. Nik neuk izan ditut "arte abstraktuko uneak" nire bizitzan zehar. Une horietako bat izan zen Cy Twombly-ren margolanak lehen aldiz ikusi nituenean. Nahastu eta aztoratu egin ninduen lerro eta formak hain a-formalak izateak, hain erabat libreak. Orduan, ia ez-forma haiek sentsazio asko ekarri zidaten gogora. Umbrian, Italian, udako egoitza baterako egon nintzenean -duela 20 bat urte- Roland Barthes-en ale bat izan nuen eskuartean. Twomblyren arteari buruzko kapitulu bat zegoen. Saiakera hartan Barthesek "the Rare" (“Bitxia”) hitza erabiltzen zuen Twomblyren mihiseak deskribatzean. (“Rarus" hitzak, latinez, zulo edo zirrikitu gutxi, porotsu eta sakabanatuak dituena esan nahi du). TwomblyrenLaukizuzen Bitxiak, jarraitzen zuen Barthesek, bi zibilizazio aldi berean daramatza bere gain; bata, ekialdeko artearen hutsunea da eta bestea, Mediterraneoaren espazioa, bere zeru eta ozeanoarekin. (Twombly Italian atzerriratutako amerikar ospetsu bat izan zen; Mediterraneoko hainbat tokitan eta Erroman bizi izan zen). Nik, ekialdeko kulturatik etorrita, uste nuen ekialdeko artearen hutsunea ulertua nuela, eta orain baliokide mediterraneoa ikustera joan behar nuen. Florentziara edo Veneziara joan beharrean, Napoliko Badiako uharteetako batera abiatu nintzen bidaia luze batean, zalantza handirik gabe, Mediterraneoko Bitxitasunaren anbiziozko lekukoa izateko.

Joan den uztailean, hegazkinez joan nintzen Madrildik Bilbora (Espainia) Patrick Michael Fitzgeralden estudioa bisitatzera. Aurretik, bere margolanak Instagram-en begira egon nintzen eta azkenean, joatea erabaki nuen. Ziur aski, orain dela 20 urte Napoliko Badiara eraman ninduenaren antzeko bultzada da. Nola uler dezake norbaitek beste baten artea, non eta nola egin zen jakin gabe? eta Fitzgeralden koadroek “bitxitasunaren” sentsazioa daukate, nahiz eta Twomblyrena bezalakoa ez izan. Lehenik eta behin, Fitzgeralden mihiseak inoiz ez dira Twomblyrenak bezain handiak. Tamaina apaleko mihisetan lan egiten du; bere margolanetan lehen planoko forma txikiak ezin dira Twomblyrenak bezala tartekatu. Batzuetan, bere mihisea puntu txikiz edo lerroz ere beteta dago. Orduan, zergatik iruditu zitzaidan bere artelanetako Bitxitasun edo soiltasunak Twombly gogorarazten zidala?

Irlandarra, jatorriz Cork-ekoa, Patrick Michael Fitzgerald Erresuma Batuko leku ezberdinetan hazi zen, Londresko Chelsea School of Art eskolan ikasi zuen eta 30 urte baino gehiago daramatza Bilboko inguruetan bizitzen… 1997an Guggenheim museoa zabaldu zenetik, Bilbo arte-jendearentzat helmuga izan arren, oraindik ere leku arrotz bezala sentitzen da artista serioak geratzeko. Berak dio “isolamendu erlatibo” batean lan egiten duela. Nahiz eta isolamendua artista izateko baldintza bat izan, bere “isolamendu erlatiboa” ezberdina da, Espainiako herri txiki batean bizi delako, ez artearen hiriburu batean edo uharte exotiko batean, emigratu gisa.

Artista handiak isolamenduan bizitzen maisuak dira; gainera, sarritan exiliatuak eta emigratuak izaten dira. Leku arrotz batean lehen aldiz "desplazatuta" zaudenean, xumeki deserrotua sentitu beharko zenuke. Zure existentziaren "Ezereza”-ren sentsazio sakona sortuko da. Testuingururik ez duzunez, zure sustraien aztarnaren bat zeure barnean bilatzen saia zaitezke. Fitzgeralden irlandartasunean, bere sustraietan pentsatzen ari nintzenez, berak bidali zizkidan Irlandako argazkiak begiratzen aritu nintzen (non bere koadroetako kolore eta hutsune batzuk antzeman izan al nituen); beste artista irlandarrak arakatu nituen. Espainiaraino etorri nintzen Brooklyn-eko kantoiaren bueltako tipoa zirudien artista irlandar hori aurkitzeko. Ezin izan nuen zehaztasunez ziurtatu Fitzgeralden "irlandartasuna" bere artelanetan, Samuel Beckett-en obran aurkitzea zaila dela esaten den bezala.

Beckett erbesteratu bat izan zen bizitza osoan, Londresen barrena, eta Parisen bizi izan zen amaieraraino. Baita Irlandan ere, arrotza izan zen, familia apalki aberats bateko protestantea bait zen herrialde katoliko eta pobre batean. Honelako pasarte bat irakurtzen duzunean Lessness (1969) bezalako istorio batean, hitzen erabilera behatu eta haien soinua entzuten duzunean, bi erbesteratu horien arteko lotura aurki dezakezu.


“Scattered ruins same grey as the sand ash grey true refuge. Four square all light sheer white blank planes all gone from mind. Never was but grey air timeless no sound figment the passing light. No sound no stir ash grey sky mirrored earth mirrored sky. Never but this changelessness dream the passing hour" **

Fitzgeralden lanak pinturaren edo pintatutako objektuen ohiko egiturari aurre egiten dio, bere erritmoari eta soinuari jarraituz, beti programatika nagusi bat saihestuz. Bere koadroetako formek ez dirudite bere existentziaz behar bezain ziur daudenik, espazio ezezagun batean ibiltzen eta arakatzen. Sarritan, margotutako eta ezabatutako formen geruza asko egoten dira. Badirudi horien rola "gutxiagoa" baliaraztea dela, horrek gehiago izatea eragingo balie bezala. Behin, Hugh Kennerek Becketti buruz esan zuen, “Bera da ez-maisua, anti bertutetsua, formara eta materia ezaren ohikoa…”. James Joycek “Dena jakiteari” buruz esan zuenaren aurka, Beckettek apropos aukeratu zuen “Dena ez jakitea”. Nire buruari galdetzen diot ea Fitzgeraldek noizbait Becketten adina asmo izango ote duen.

Fitzgeralden estudioa Zalla izeneko herri txiki batean dago, bertara autobusez joan ginen Bilbotik. Bilbo Espainiako iparraldean dagoen Euskal Herriko portu-hiria da, altitude baxuan kokatua eta mendiz inguratua. Bilbotik Zallara paisaia berdea eta zeruen bista ederrak dituen mendi-eremu batetik pasatu ginen. Mendixkak ez ziren altuak baina bai harritsuak, eta horrek zuhur sentiarazi ninduen, zerbaiten ertz estu batetik gidatzen ari bagina bezala. Bere estudioan begirada bat ematen ari nintzela, leku honek herriko beste edozein etxetan baino erosoago sentiarazten ninduela sentitzen nuen eta, era berean, kanpoko mundutik independente "inon ez" bezala. Eta hau leku ezin hobea zen Terry Eagletonek Exiles and Emigre (1970) lanean egin zuen behaketa ederra gogoratzeko.

Arte handia ez da alternatiba baten gaitasun sinpletik sortzen, baizik eta gogoratuaren eta errealaren, potentzialaren eta gaur egungoaren, integrazioaren eta desjabetzaren, erbesteratzearen eta elkarbizitzaren arteko tentsio sotil eta inbolutibotik.

© Mimi Park, 2023

* “Bitxitasuna” Roland Barthesek erabilitako terminologia “L'obvie et l'obtus,” saiakeran

* * "Lessness", Londres: Caldas & Boyars, 1970. Samuel Beckettek berak frantsesez idatzitako "Sans" jatorrizko testuaren ingelesezko itzulpena.

Mimi Park- ek, Thomas Park Gallery-ko komisarioa eta zuzendaria, idatzitako The Rareness of Patrick Michael Fitzgerald erakusketarako testua. Seul-en, 2023.ko urria.

Itzulpena © Izaskun Altube